CubaReflexiones

Kuba, ezjakintasunetik


Kubako errealitateaz ezer gutxi jakinda, hara joandako hiru gazte bidaiariren hausnarketak
– Unai Martin Mendiguren

Kubara bidaia egiteko presaka

Kuba aldatzen ari da. «Hobe duk lehenbailehen Kubara joatea, bere xarma eta berezitasuna galtzear baitago» diote, behin eta berriro, Kuban hain adituak diren sasijakitunek. Izan ere, gertakari garrantzitsuak bizi izan ditu herrialdeak azken urteotan: Fidelen heriotza, Obama AEBko presidente bilakatu zeneko bi herrialdeon arteko diplomazia-harreman aldaketa, peso aldagarriaren (CUC) indargabetzea… Hortaz, garai berria antzematen da, eta, zirkua lez begi eman nahi badiogu ere, ez dugu galdu nahi Kubaren izaera mitifikatu hori geure larruan bizitzeko azkenetariko aukera. Ilobei zer edo zer kontatu behar zaie, ezta? Kuba komunista ezagutu nuen; sozialista; iraultzailea. Euskaldunok hainbeste gustuko ditugun berba potoloak.



Herrialde berezia da Kuba, dudarik ez dago. Hirugarren munduko adierazle ekonomikoak izanik, herrialde hipergaratuen berezko marka sozialak agertzen ditu —77 urteko biziitxaropena; bizirik jaiotako mila biztanleko 5,3 haurren heriotza-tasa; analfabetismo-tasa ia nulua; urtero 45.000 unibertsitarioren lizentziatzea…—. Sekulako kontrastea.
Errealitatea ulertzeko zein betaurreko erabiltzen den, miseria gorrian murgildutako infernu-herria irudi lezake edo aski eredugarria. Edonola era, haizearen kontra doan herrialde horietako bat da, eta horrek desberdin egiten du Kuba. Exotikoa. Exotikoa baino gehiago. Eta ederki elkar ulertzea ahalbidetuko digun hizkuntza komuna duelarik. Shock kultural bila gabiltzanontzat, destino ezin hobea.

Lehenbiziko harridura

Gerora etorri ziren Skyscanner, Habanara joan-etorria, «garestitxo samar, baina tira», Relec Extra Fuerte, «nola arraio eskuratzen da bisa?» eta abarrak, eta, hiru hilabeteren buruan, abuztuaren 20an, uharteko hiriburuan lur hartu genuen Prytz, Geeking eta hirurok.



Espero bezala, aireportuan McDonaldsik ez, perfume dendarik ez. Aireportutik hirierdigunerako taxia hartu, eta lehenengo ordu erdian dagoeneko jabetu ginen zeinen desberdina izan behar zuen gizarte antagoniko hark. Gidariaren esanetan, herrialdea lur jota zegoen, erabateko gainbeheran, janaririk gabe, baliabiderik gabe, eta estatuak eskuratzen zien 3.500 pesoko batez besteko soldatarekin (30 euro inguru, orduko aldaketatasan), ezin zioten aurre egin gero eta garestiagoa bilakatzen ari den bizimoduari.


Aurkitu hemen Kubarako hegaldi merkeak


Erregimenaren aurkako aldarri garbia egin zuen taxilariak, bitartean, Fidelen aldeko idazkiz eta erretratuz leporaino beteriko kaleetan barrena genbiltzala. Ibilbidearen bukaerara iritsi, zenbatekoa eskatu, eta hara hor gure harridura: «30 euro, mesedez». Nola zitekeen posible pertsona batek ordu erdi eskasean irabaztea hilabeteko soldata bezainbeste? Lagun batek gomendatua zen gidari hura, beraz, itxarotekoa zen prezioan azpikeriarik ez egotea. Bada, ezin saihestuzko konparazioak direla medio, pertsona hari 1.500-edo euroko ordainsaria ematen ari gintzaizkiolako sentsazioa izan nuen. Konparazioak justu alderantziz behar zukeen (3.500 pesoko soldata huskeria zitala da), baina hori geroago jakin genuen.


Mundua buruz behera

Zeharo ulergaitza egin zitzaigun taxistarekin gertatutakoa. Azaldu ezina. Eta azaldu ezinak egin zitzaizkigun baita ere ondorengo orduetan kaletik zehar eskuz idatzitako iragarkietan ikusi genituen prezioak. Litro bat gasolina, 25 peso (20 zentimo, gutxi gorabehera); litro bateko botila bat ur, 250 peso. Ene bada, ura gasolina baino hamar aldiz garestiago? Garestia merke, merkea garesti. Zer arraio?


Orduantxe hasi ginen ulertzen alde batera utzi behar genituela geure gringo-aurreiritziak, arrotzak zaizkigun eragile batzuek gobernatzen baitute ekonomia Kuban. Botilako ura luxu handiko produktua da den-denek txorrotatik ura edaten duten herrialdean —eta aldamenekoaren blokeo bortitza jasaten duen herrialdean—; ordea, fruta tropikalez gainezka dagoen herri berberean, momentuan bertan eskuz eginiko eta kalitate goreneko mango-zukua eguneroko edari xumea da.


Denak ostalari

Kuban oso ohikoa da herritarrek eurek kanpotarrei ostatu ematea beren etxeetan. Zalantzarik ñimiñoena egin gabe halaxe ostatatu ginen gu. Ba al dago kultura bat ezagutzeko modu hoberik herritarren etxeetan sartzea baino? Jakinaren gainean abiatu baginen ere, oso deigarria egin zitzaigun zenbatek eta zenbatek egokitu dituzten bizilekuak eurok ere turismoaren lepotik bizimodua ateratzeko. Nork bere bidea bilatzen du gobernuak ematen dien soldata urria osatzeko, antza. Nola edo hala, sosak lortu behar dituzte biziraun ahal izateko. Eta gu, noski, haiek laguntzeko prest.


Erreserbatu tour eta jarduera onenak Kuban


Hainbat anfitrioi izan genituen gure hamar eguneko egonaldian: etxebizitza erraldoi bateko andre pinpirina, landa-eremuko senar-emazte adeitsuak, Santa Clarako gizon iraultzaile eta umoretsua… Denak ala denak oso berritsuak; denak ala denak oso ikasiak. Etxe asko eta askotarikoak, baina bazen guztiek amankomunean zuten zerbait: eguneroko itzalaldiak.



Egun batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, batzuk luzeak (gau osoa), besteak laburrak, egunero-egunero eteten zuen gobernuak argindarra. Berariaz. Ez omen dago energia guztientzat eta txandakatu behar dute energia mugatu hori kontsumitzeko. Guri itzalaldiek ez ziguten apenas eragin (inoiz gailu digitalak kargatzea eragotzi edo gauren batean aire giroturik gabe lo eginarazi ziguten, besterik ez); bertakoei, ordea, etengabeko buruhaustea sorrarazten zieten itzalaldiek: modua aurkitu behar zuten elektrizitaterik gabe kozinatzeko, elikagaiak kontserbatzeko… Halabeharrez dira burutsuak kubatarrak!

Kotxea ibiltzea, abentura galanta!

Kuba aipatzerakoan, askori etorriko zaie burura 50eko hamarkadako auto klasiko amerikar haiek, deskapotableak, kolore bizidunak, glamourez beterikoak. Gure kasuan, behintzat, hala izan zen, eta segituan irudikatu genituen geure buruak Chevrolet zaharberri baten gainean Kubako errepide zoragarrietatik. Begitazioa baina, autoak alokatzeko enpresak Interneten kuxkuxeatu bezain pronto lausotu zen. Oso auto gutxi dago Kuban, eta oso zaila eta garestia da alokairuan bat hartzea. Are gehiago erlikia liluragarri horiek eskuratzea, turistei tour pribatuak eskaintzeko erreserbatuta baitaude.



Ozta-ozta lortu genuen guk geurea alokatzea, Hyundai ekonomiko bat. Ekonomikoa izenez, modeloz, merkea ez baitzen izan. Autoa hala moduzkoa zen, kolpeak zituen alde guztietatik, motorra abiaraztea izugarri kostatzen zitzaion, eta enbragea gogor samarra zuen, baina, gabeziak gabezia, Hyundaitxoarekin nahikoa izan genuen batera eta bestera mugitzeko. Gurea kaskarra, baina gainerakoak beste horrenbeste. Berrikuntza teknologikoei dagokionez, beste garai batekoa dirudi Kuba, bizi ez dudan batekoa, zuribeltzezko pelikuletakoa, akaso.


Aurkitu hemen hotelik onenak Kuban


Kotxeak ez ezik, errepideak ere ikaragarriak ziren. Asfaltatu gabeak asko, asfaltatuak zirenak zuloz gainezka. Eta zelako zuloak, txo! Kuban gidatzea Mario Brosean aritzea bezalakoxea zen, oztopoak ekiditen ibili behar genuen une oro, eta batek ustekabean hartzen gintuenean, sekulako astindua jaso. Masaje cubano, asere.



Horrez gain, gasolioak ere gorriak ikusarazi zizkigun. Han izandako egunetan eskasia itzela jasan zuten, eta eremu batzuetan gasolina-tantarik gabe egon ziren astebetez. Erregai-depositua erdi hustuta edukita, espekulatu beharra izan genuen hurrengo geralekua non egingo. «Zisterna-kamioi bat Pinar del Rio ingurutik ikusi dute, mutiko. Baliteke bihar goizean gasolina izatea… Baina ezin jakin!». Hau ziurgabetasuna! Gasolindegia hornitu arte herrian luzatu edo geneukan apurraz fidatu eta hurrengora jo? Dilema handia eta egun gutxi…

Eguraldi txarrari aurpegi ona

Elektrizitatea, gasolioa, ura, Interneterako sarbidea —eta beste hainbeste baliabide— horren eskuragaitzak, ezin uka bidaia oso deseroso abiarazi genuela. Zailtasun bat bestearen atzetik, zein baino zein xelebreagoa, arazoak gainditzen igaro genituen oporrak. Horretara joan ginen, baina.



Bitxikeriak izan ziren guretzat, ikuskizun turistikoak, gero senide eta adiskideei kontatzeko istorioak. Hangoentzat egunerokotasuna da. Eta nola, bada, daramate kubatarrek gabetasun horiek? Ezagutu genituen gehienak kokoteraino zeuden egoerarekin, erregimenarekin eta garatzeko ezintasunarekin. Egia esan, turista batek ezagutzen dituen kubatar gehienak turismoari lotuta daude, bere kontura lan egiten dutenak eta anbizio handikoak. Enpresari gutxi pozik Kuban. Dena den, euren iraganaren eta orainaldiaren jakitun dira —nola ba ez dira izango—, eta harrotasun-puntu bat sumatzen zaiela esatera atrebitzen naiz. Harrotzen dira euren izaera menderaezinaz, borrokalariak izateaz,
handiari pultsua mantentzeaz.


Ez bidaiatu Kubara bidaia-asegururik gabe.
Hemen sakatuz gero, %5eko deskontua izango duzu zure IATI aseguruan
Mochila al Paraísoko irakurlea izateagatik


Ikusgarria da Kuba. Ezagutza handirik gabe joan ginen hara, aholkatutako esperientzia txundigarriaren bila, eta uharteak zur eta lur utzi gintuen. Ez dakit esaten komunismoa gainbeheran dagoen, ezta iraultzak euskarri sozial nahikorik duen, ez eta gizartearen xarma galtzear dagoen ere. Bai, ordea, iraultza zaharraren ondorioak oraindik agerikoak direla eta gauza dela erosotasunak alde batera uzteko prest dagoen edonor asebetetzeko. Ez aukera galdu!


Anterior entrada

Tour de island hopping en Koh Lipe, Tailandia

Siguiente entrada

Ayodhya, visitamos la ciudad sagrada de India sin turismo

Unai

Unai

No Hay Comentarios

Publica un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Información básica sobre protección de datos Ver más

  • Responsable: Mochila al Paraíso - Blog de viajes.
  • Finalidad:  Moderar los comentarios.
  • Legitimación:  Por consentimiento del interesado.
  • Destinatarios y encargados de tratamiento:  No se ceden o comunican datos a terceros para prestar este servicio. El Titular ha contratado los servicios de alojamiento web a Webempresa que actúa como encargado de tratamiento.
  • Derechos: Acceder, rectificar y suprimir los datos.
  • Información Adicional: Puede consultar la información detallada en la Política de Privacidad.